Xenda ibilbideak:
Zegamak landa inguruko udalerria izanik, eta Aizkorri duelarik tontorrik garaiena, naturarekiko zaletasuna erakusten dutenentzat xenda eta ibilbide ugari eskaintzen ditu, bai mendi zidorretan ohituta daudenentzat eta baita ibilaldi pausatuagoa egiten dutenentzat ere. Era honetara, mendizale edota turistak esfortzuz beteriko jardunaldia edota familia lagun, ibilbide lasaiagoak egiteko aukera izango du.
Aizkorri mendizerran dute kotarik garaiena Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeak bereizten dituzten mendiek, Euskal Autonomia Erkidegoa erditik igarotzen dutenak.
Ikuspegi geologiko eta paisajistikotik, bi zonalde bereiz datiezke argi eta garbi: batetik kare-harrizko gailur malkartxu eta arrokatsuak, haranean larrez beteriko lautadak izan ditzaketenak, landarediak estalitakoak eta ia batere harririk ikusten uzten ez dutenak. Lehenengoen artean dugu Aloņa-Aizkorri-Aratz gailurreria, paisaian oso mugarri garrantzitsua dena, bai Gipuzkoako, bai Arabako zatiari dagokionez. Gipuzkoako ibaietako hiru, Deba, Urola eta Oria, hain zuzen ere, mendimultzo honetako mendi adarretan jaiotzen dira.
IBILBIDEA
FITXA TEKNIKOA
Luzera: 13 km
Zailtasuna: Ertaina (maila fisiko onean egotea komeni da)
Zegamatik abiatuz, Gi-2637 errepideari jarraitu behar diozu Altsasurako norabidean. Otzaurte mendatearen gainera iristean, eskuinaldera doan ormigoizko errepidea hartu behar duzu Beundera iritsi arte.
1. BEUNDE.
Otzaurten pista hartu eta handik bide gutxira, mendi-bidearen eskuinaldera, Beunde zizelkaturik jartzen duen harri zati handi bat topatuko duzu. Hau Beundeko atsedenlekua da eta bertan hasten da ibilbidea. Beundeko atsedenlekuan autoa utzi eta autoz egin dugun pistari jarraitu behar zaio oinez bidegurutze batera iritsi arte. Beundeko atsedenlekuan, etxola moduko aterpe bat eta mahai, aulki eta erretegiak topatuko dituzu.
2. Bidegurutzean, eskuineko pistari jarraitu behar diogu.
3. IRAMENDI.
Pagaditik irten eta Iramendiko larreekin egingo dugu topo. Bertan, zenbait artzain etxola eta artalde ikusteaz gain, ibilbidean zehar zeharkatuko dituzuen tontorrak izango dituzue begibistan.
4. LARREBIL.
Iramenditik Aratzerako bidean, pistarekin egingo duzue berriro topo. Pista zeharkatu eta mendian gora jarraitu behar duzue ehiza-postuen artean GR-121.1-a topatu arte. GR-ari jarraituz iragango dira Allarte eta Allaitz mendiak. Hala ere, Aratzera inguratu ahala, GR-a utzi eta Aratzeko tontorrera bidean, maldan gora abiatuko gara.
5. ARATZEKO TONTORRA.
Aratz mendiaren gailurrera iristean, atseden hartu eta indarrak berritzeaz gain, paisaia paregabeaz gozatzeko aukera izango dugu. Hemendik aurrera, San Adriango galtzada eta kobarako bidea hartuko dugu maldan behera.
6. AZKARATZAKO ITURRIA.
Aratz mendia atzean utzi eta ibilbideak San Adriango galtzada zaharrarekin topo egiten duen lekuan, Azkaratzako iturri dugu. Ura edan eta atseden hartzeko leku aparta da. Hala ere, kontuz! Udara aldera gerta daiteke iturria agortuta egotea. Ibilbidea galtzadan behera jarraituko dugu.
7. SAN ADRIANGO KOBA.
Galtzadan behera abiatu eta berehala San Adriango kobarekin egingo dugu topo. Bertan, Erdi Aroan egon zen gotorlekuaren aztarnak eta San Adriani eskainitako ermita eraberritua ikus ditzakezu. Koba zeharkatu eta bidean behera jarratiuz, San Adriango aterpetxera iritsiko gara.
8. SAN ADRIANGO ATERPETXEA.
Bertan, zerbait jan eta edan dezakezu indarrak berritzeko eta nahi izanez gero gaua pasatzeko aukera ere eskaintzen du. Jarraian, aterpetxearen eskuinaldera nahiz ezkerraldera doan bidea har dezakezu. Bi bideetatik barrena pistara iritsiko gara eta pistan behera abiapunturaino bueltatuko gara.