zegama

Euskara | Castellano

Turismoa > Aizkorri-Aratz Parke Naturala

Aizkorri-Aratz Parke Naturala | Aizkorriko lagunak | Aizkorri eta urbiako artzainen gazta lehiaketa

Aizkorriko lagunak Aizkorraldeko parajeen edertasunak, bertako belardi eta larretokien gozotasunak, basoen oparotasunak eta harkaitz zurien gorritasunak, gaur baino lehen ere erakarri eta liluratu izan dute mendizale, ibiltari, erromes eta bisitaririk. Oria ibaiaren arrotik, Arabako lautadatik, San Adriango kaltzada zaharraren ibilbidetik, Norteko Trenbidearen burnibide kikularitik, begi pare asko liluratu ditu modu askotara Aizkorralde tantaiaren ikuspegiak, jendea jende denez geroztik. Baina, behin bedaike ere gailerreratu izan denak ongi asko dakien bezala, ikuspegirik ederrena, bere gailurrak ematen digu.

Gailur horretantxe bildu ziren 1934ko uztailaren 8an 2.000 lagunetik gora erromeria-ospakizunetan, bertan dagoen aterpetxearen inaugurazio-ekitaldiak zirela-ta.

Izerdi patsetan gailurra jo, meza santua eta zegokion sermoia entzun, hamaiketakoa egin eta erromeria alaitsua, hala gogoratzen digute egunaren ederra garai hartako egunkariek. Ez zen gutxiagotarako: mendizale eta artzaiei hain premiazko zitzaien ateperleku eder bat eraiki izana ospatzen zuten eta hura ahalbideratu zutenei eskerrak emateko modurik egokiena ere huraxe izan zuten.

Aizkorriko lagunak Zegamarrok halaxe gogoratzen dugu: Matias Gorrotxategi Otaegi, Etxeberri-Erdi baserrikoa eta haren emazte Maria Otaegi Mujika, Larrekoko alaba, Aizkorrin artzai zebiltzala, ekaitz eta denborale izugarri batek harrapatu zituen eta larrialdi hartan egin zuten promes, onik ateratzen baziren, Aizkorriko gailurrean aterpetxea, babeslekua egiteko bideak urratuko zituztela. Agindua zor, eta Matiasek bete: 1925ean hil zen eta bere testamentuan 2.000 pezeta utzi zituen izendatuta, Aizkorriko aterpetxea eraikitzeko. Matias Gorrotxategi eta Maria Otaegik hain eskuzabal emandako diruak bere erredituak eman zituen, 3.085 pezeta ziren guztira 1934ean. Foru Aldundiak beste 2.000 jarri zituen. Patronato Nacional de Turismok beste 2.000 eta Zegamako Udalak 124,80 m2 doan. 1934ko uztailaren 8an bedeinkatu, inaguratu eta ospatu zuten Aizkorriko aterpetxea.

Ez da beraz harritzekoa, 66 urte geroago, gizaldi berriaren atarikoan, Zegamarrak Matias Gorrotxategi eta Maria Otaegi senar-emazteez behin berritan akordatu izana, eta horretarako mendi-ibilaldia, hamaiketakoa, herri-bazkaria eta festa-ospakizun bereziak antolatu izana, besteak beste orduko eta gaurko mendizaleen izenean, mendizaletasunaren suzia gartsu iraun arazten hainbatxo lan egin duen Pako Iriondori eta bere emazteari omenaldi kuttuna eskainiz. Eta giro horretantxe sortu zen Zegaman, 2000ko uztailaren 2an, Aizkorriko Lagunen Elkartea. Egun honetan, hutsik egin gabe datozen mendizale leialen kopuruak, Elkarteari etorkizun baikorra iragartzen dio.

Izan ere, Aizkorriko aterpetxea mendizaleentzat atseden eta babes leku den eran, Zegamako herriak izan nahi du Aizkorzaleen bilgune.

Gora