Agur eta ongi etorria Zegamako Udalak prestatu duen Web orrira. Gipuzkoako mendebaldean, Nafarroako eta Arabako lurraldeekin muga egiten duen Zegama, gure herria gertuago ezagutzeko aukera eskaini nahi dizugu.
Aizkorri magalean, Aizkorriko Parke Naturalaren sarreran, kokatutako 1300 biztanleko herria dugu Zegama. N-1 errepidetik 5 minutura eta Donostia, Iruņa eta Gasteiz ordu erdira dituena. Donejakue edota Santiago Bideak, erromes eta turistei irekita bizi den Zegama zeharkatzen du. Zegama eta Aizkorrik bat egiten duten txokoan bizi gara, naturan murgilduta eta berarekin bat eginda.
Web orri honen bidez aukera duzu gure herria hurbilagotik ezagutzeko, gure jarduera eta ohituren berri izateko eta besteak beste, gure historia eta egungo errealitatea jakiteko.
Erromatarren presentzia, arte erromanikoa, lehen guda karlistako jenerala izan zen Tomas Zumalakarregiren mausoleoa, hainbat baseliza, oraindik bere jarduera martxan duen errota, egurraren museoa, ehungintza tailerra, ibilbide zoragarriak (hauen artean famatua egin den Zegama-Aizkorri maratoikoa), etabar ikusgai dituzu 2015. urtean 400 urte beteko dituen herri honetan. Web orri honen xedea aipatutakoen xehetasun laburra ematea da, eta nola ez Zegama ezagutzeko zure nahia suspertzea, bizitzea, bultzatzea.
Jakina da helburu eta asmo ezberdinetako lagun asko sartuko zaretela Web orri honetan. Honen bidez, ahalik eta informazio handiena eman herritarrei, gestioak erraztu eta informazioa gerturatu eta interneten nabigatzen ari den orori gurera erakartzeko tresna bihurtu nahi dugu Web orria.
XXI. mende hasiera honetan teknologi berriek ematen diguten aukeraz baliatzen gara, orrialde honetan sartzen zareten guztioi Zegama ezagutzera gonbidatzeko. Zure esku dago.