zegama

Euskara | Castellano

Turismoa > Done Jakue bidea

Santiago Bidea

Donejakue edota Santiago Bidea Donejakue edota Santiago Bidea Zegamatik ere pasatzen da, bide hau "barneko bidea" bezela ezagutzen da, itsaldean ere beste Santiago Bide bat zegoelako.

Barneko Bide hau, Irundik abiatzen da eta Gipuzkoan barrena dator, herriz herri, Zegamaraino iritsi arte. Bide honen ondoan hainbat ospitale, eliza, ermita e.a. daude Donejakue bidearekin lotuta. Zegaman, peregrinoen ospitale Santu Spirituko ermita eta Gesalbizkargo (Iruetxeta) ospitalea (1667rako eroria) aurkitzen ditugu. Donejakue bidea Zegamako herrigunetik Gesalbizkarra doa, hemendik San Adriango tunelerako bide hartzen du eta tunela pasa eta gero Zalduendotik Aguraina iristen da. Bidea, Irundik marra oriz seinalizaturik dago gaur egungo peregrinoak gal ez daitezen. San Martin Eliza ere peregrinoen otoitz toki izan da.

Egun Zegamako Udalak frontoiko gela bat utzi izan ohi die Santiago Bidea egiten ari diren peregrinoei atseden leku. (Tel: 943 802 187). Azken urteotan gero eta jende gehiago gerturatu da bide hau eginez.
San Adriango Bidea

Santiago Bidea, peregrinoak hasi aurreko bidea dugu. Bide honen ondoan aurkitu diren zenbait aztarnek hala adierazten baitute; alde batetik, bidea dagoen kokapena eta egituraketa, eta bestetik Zegamako San Pedro Ermitan, bide horretan kokatua, erromaniko garaiko hilobi baten harria egotea.

San Adriango Bidea Bestalde bitxia da, San Pedro ermitaren ondoan Amiano izeneko zenbait baserri egotea, jatorriz, latineko AMIUS-AMIANUM-AMIANOtik dator. Toponimo hau, Zegamatik pasatzen zen leku estu baten izena zen eta gainera Berasategi abizena, Zegaman osoan zabaldua, latineko "beraxa"tik datorrela adierazten da.

Baina bide honek bere garairik oparoena XI. mendetik aurrera ezagutu zuen. Garai hartan Gaztela eta Nafarroako erregeak elkarrekin liskarturik zeuden bakoitzak bere mugak hedatu eta finkatu nahiean. Alfontso VIII.a Ingalaterrako Leonorrekin ezkontzeak bide honen garrantzia erabat aldatu zuen, izan ere, Leonorrek ezkon dote bezela Gascuņako lurrak izan baitzituen eta Alfontso VIII.a erregeak bere eta emaztearen lurrak, Nafarroako erregearen lurretatik pasatu beharrik gabe, komunikatu nahirik, San Adriango bidea potentziatu zuen, era horretara, XII. mendearen haseran Meseta eta Europa batzen zituen bide bilakatu zelarik. Errege bide izateaz gain Gaztelako artile ere bertatik pasatzen zen eta San Adrianen bertan Aduana bat ipini zen.

Bestalde aipatu, 1430ean Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoko eskriturak ere San Adriango tunelean egin zirela.
Zegamarrak Arantzazura Erromes

Zegamarrak Arantzazura egiten duten erromesaldia edota peregrinazioa oso sustraituta dagoen tradizioa da eta izan da zegamarron artean. Erromesaldi hau Pentekoste Pazkoatan burutzen da eta bi egunetako iraupena du, bertan herriko apaiz eta agintariek, herritarrekin batera, parte hartzea da usarioa.

Arantzazuko Amabirjinaren agerpena ezkero, (1469) zegamarrak, inguruko herriak bezelaxe bertara erromes joateko ohitura hartu zuten, hala eta guztiz ere, Arantzazun agertzen diren agirietan Zegamarroi Arantzazurekiko lotura berezia eta ondorioz tratu berezia ere agertzen zaigu. Adibidez aipagarriak dira 1590ean, konstituzio sinodaletan era horretako erromesaldi luzeak debekatu egin zirela baina 1602an Fray Mateo Burgos Iruņeko frantziskotar gotzaiak zegamarrei baimena eman ziela Arantzazura erromes joan ahal zitezen. Bertako argudioa "zegamarrak gainerantzikoak baino jaiera biziagoa diotela Arantzazuko Amari" izan zen.
Gora