Zegama, "kolazio" edota "unibertsitate" bezela, 1384ko ekainaren 12ko agiri batean agertzen da lehenengo aldiz; agiri horretan, Segurara atxikitzen zela jasotzen da, Zerain, Idiazabal, Ormaiztegi eta Mutiloarekin batera. Atxikimendu hau 1387an, Gaztelako errege zen Juan I.goak baieztatzen du eta 1393an Endrike III.a Erregeak. Batze edo elkartze hori Nafar eta Gipuzkoarren arteko borroka indarrean zegoen garaian eman zen, azken hauek Gaztelako Erreinuarekin loturik zeuden 1200. urte ezkero eta horregatik Nafarroako erreinuarekin aurrez aurre. Zegama, zegoen tokian zegoelako (Nafarroarekin mugan), borroka honek erdiz erdi harrapatzen zuen. Halaber, Ahaide Nagusien borrokek (gerlek) ere, gune txikien arteko elkarketa ondorioztatu zuen. 1401ean, Altzaniako Partzuergoa osatu zen, Partzuergo hau, Zegama, Zerain, Idiazabal eta Segurak osatzen zuten eta Partzuergoaren helburua mendien probetxamendu eta zainketa bateratua egitea zelarik, garai hartan, oso garrantzitsua zen ganaduen zainketa eta burdinoletarako egurra lor zezaten.
Zegamako herriak bere harmarria "Jauregi"tik hartu zuen, "Ladrón de Guevara" familiarena, hauek 1495 urterarte bere elizaren patronatoa (jabetza) izan zutelarik.