zegama

Euskara | Castellano

Herria eta kultura > historia

Historiaurrea | Erdi aroa | Zegama herri egin zenekoa | San Adrian | Modernitate garaia

San Adrian San Adriango pasabidea, Zegamaren historian gune garrantzitsuenetakoa izan da. Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri eta Altzaniako mendateen artean tunel edo pasabide bat dago, San Adriango Tunela. Errege kaltzada zaharrean eta aldi berean, Santiago Bidean dago kokatua eta bide honek Goierriko eskualdea eta Arabako Zalduendo herria lotzen ditu, beraz Gaztela eta Europa arteko komunikabidea izan da. Ahozko literaturaren arabera, erromatarrek ere bide hau aukeratu zuten bere garaian meseta edo Gaztelako lautadara iristeko eta honen adierazgarri da Inazio Iztueta folkloregileak jasotako esana: "Ekaizte batean, erromatarrek beren soldadu bat bertan utzi behar izan zutela oinaztar edo tximista batek hil ondoren". Pasabidearen gaikaldean San Adriango Koba dugu, hizkera herrikoian "Sandratei" bezela ezagutua.

San Adrian Aita Villasanteren ustez, tunel edo pasabide eta mendate honen lehen topinimia "Sancta Trinitatea" izan zen, euskaldunek beren hizkerara "Sandrati" edo "Santa Tria" bezela moldatu zutelarik. Mikaela Portilla historilaria ere iritzi berekoa da, honek Araban Santa Tria edo San Tetria izeneko parajeetan San Adriani eskeinitako ermitak bat baino gehiago daudela adierazten duelarik. Datu honi zera erantsi behar zaio, San Adriango erromeria Trinitate egunean edo ondorengo igandean ospatzen dela. San Adriango Tunelaren barnean XI. eta XII. Mendeko txanponak aurkitu ziren eta honek adierazten du Erdi Aroan iadanik pasabide zela. Gipuzkoa 1200 urtean Gaztelara atxikitu zenetik, Nafarroaren mende zegoen Otzaurteko pasabidearen alternatiba bezela, bide berri hau instituzionalizatu zen.

Nikolas IV. Aita Santuak, 1290. urtean, peregrino, transeunte eta txiroen aldeko indulgentziak eman zituen, betiere San Adriango ospital-elizara Trinitate Egunean hurbiltzen zirenentzat.

San Adriango pasabidea indarrean zegoenean, bertatik erregeak, printzeak, gudalosteak, bandolero, gaizkile, iheslari eta peregrinoak pasatzen ziren. Bere barnean, etxeak, ikuiluak, taberna, kapila… zeuden. Fortaletza edo dorretxe bezela funtzionatzen zuen, bertan zaindari eta alkaide bat ere bazendelarik. Pertsonai hauetako bat Europako pertsonarik nagusiena zela esanez zebilen, izan ere bere aurrean erregeek ere burua makurtu behar izaten zuten; ez zen gezurretan ari, Araba aldeko tunel ahoa, oso altuera gutxikoa da eta zaldiz zetorrena txapela kendu eta burumakur pasa behar.

San Adriango ermita San Adriango ermitan, XVI. mendearen haseran, Flandesetik Gaztelara zeramatela, "Felipe de Lazkano" bataiatu zuten, (Gipuzkoako tercioetan coronel karguara iritsi zen) bere aita-ponteko "Felipe el Hermoso" eta ama-ponteko "Juana la Loca" izan zituelarik.

Tuneletik 500 bat metrora, Gaztelako bide zaharrean, Santi Espirituko ermita dago, honen ondoan Tenplarioak egon zirela esaten delarik.

1503an, Julio II. Erregeak "priorato" tituloa eman zion Santiago Bidean kokaturik zeuden tokiei, "prioratoa" Erdi Aroko fundazioa da eta normalean, aurrez Zaldizko ordenaren bat egondako tokiei ematen zitzaien titulo hau.
1512an, jakin badakigu, priorato honek peregrinoentzat ospitale bat zuela, denbora gutxira, sute baten ondorioz, suntsitua izan zelarik. Ermitako priore moduan, Segurako parrokiko benefiziatu bat egoten zen.
1599ko bidazti batek zera dio. "Bi ermiteenganako debozio handia dutela peregrino eta Frantziako Bidetik Santiago Bidea egitera datozen erromesek".

Gora