zegama

Euskara | Castellano

Turismoa > San Adriango Koba

San Adrian

San Adrian

San Adriango pasabidea, Zegamaren historian gune garrantzitsuenetakoa izan da. Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri eta Altzaniako mendateen artean tunel edo pasabide bat dago, San Adriango Tunela. Errege kaltzada zaharrean eta aldi berean, Santiago Bidean dago kokatua eta bide honek Goierriko eskualdea eta Arabako Zalduendo herria lotzen ditu, beraz Gaztela eta Europa arteko komunikabidea izan da. Ahozko literaturaren arabera, erromatarrek ere bide hau aukeratu zuten bere garaian meseta edo Gaztelako lautadara iristeko eta honen adierazgarri da Inazio Iztueta folkloregileak jasotako esana: "Ekaizte batean, erromatarrek beren soldadu bat bertan utzi behar izan zutela oinaztar edo tximista batek hil ondoren".

San Adriango kobaSan Adriango Tunelaren barnean XI. eta XII. mendeko txanponak aurkitu ziren eta honek adierazten du Erdi Aroan jadanik pasabide zela. Guipúzcoa 1200. Urtean Gaztelara atxikitu zenetik, Nafarroaren mende zegoen Otzaurteko pasabidearen alternatiba bezala, bide berri hau instituzionalizatu zen.

San Adriango pasabidea indarrean zegoenean, bertatik erregeak, printzeak, gudalosteak, bandolero, gaizkile, iheslari eta peregrinoak pasatzen ziren. Bere barnean, etxeak, ikuiluak, taberna, kapila… zeuden. Fortaletza edo dorretxe bezela funtzionatzen zuen, bertan zaindari eta alkaide bat ere bazendelarik. Pertsonai hauetako bat Europako pertsonarik nagusiena zela esanez zebilen, izan ere bere aurrean erregeek ere burua makurtu behar izaten zuten; ez zen gezurretan ari, Araba aldeko tunel ahoa, oso altuera gutxikoa da eta zaldiz zetorrena txapela kendu eta burumakur pasa behar.

San Adriango ermitan, XVI. mendearen haseran, Flandesetik Gaztelara zeramatela, "Felipe de Lazkano" bataiatu zuten, (Gipuzkoako tercioetan coronel karguara iritsi zen) bere aita-ponteko "Felipe el Hermoso" eta ama-ponteko "Juana la Loca" izan zituelarik.

San Adriango kobaTuneletik 500 bat metrora, Gaztelako bide zaharrean, SantiEspirituko ermita dago, honen ondoan Tenplarioak egon zirela esaten delarik. 1503an, Julio II. Erregeak "priorato" tituloa eman zion Santiago Bidean kokaturik zeuden tokiei, "prioratoa" Erdi Aroko fundazioa da eta normalean, aurrez Zaldizko ordenaren bat egondako tokiei ematen zitzaien titulo hau.

1599ko idatzi batek zera dio: "Bi ermiteenganako debozio handia dutela peregrino eta Frantziako Bidetik Santiago Bidea egitera datozen erromesek".

Gora